• es
  • eu
  • Aurreko aleak

Logo

Euskadi.eus
Nabegaziorako menua
  • Emakunde
  • Elkarrizketak
  • Gizartea
  • Ekonomia
  • Indarkeria
  • Parte-hartzea
  • Sentsibilizazioa
  • Kultura

Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

15/08/2013 | 1 iruzkin
  • tweet
Elkarrizketak Gizartea Parte-hartzea

“Niretzat harrigarriena izan da ikustea neska gazteen erreakzio garratza alarde mistoko emakumeen kontra”
“Egunen batean hau dena anakronismo hutsa irudituko zaigu”

Iritzi guztiak jasotzea zen gure asmoa, eta ezin izan dugulako beste aldearen iritzi gehiago bildu leporatuko digute alarde mistoaren alde azaltzen garela”

 

Testua: Itziar Elizondo

Argazkiak: Karlos Corbella

“Alardearen seme-alabak” izeneko dokumentala pasa den apirilean estreinatu zen Donostiako Giza-eskubideen Zinemaldian eta antolatu ziren bi emanaldietan Victoria Eugenia antzokia jendez gainezka zegoen. Ez da harritzekoa. Hondarribi eta Irungo alardeetan tradizionalisten eta emakumezkoen parte-hartzearen aldekoen arteko gatazka sortu zenetik, ia hogei urte igaro behar izan baitituzte dokumental bat estreinatu ahal izateko zinema-antzoki batean. Alardeari buruzko dokumental bat ikusteko hainbeste denbora pasa izana sintoma bat izan daiteke; alegia, Txingudiko gizartea erdibitzen duen konfliktoak sortarazten dituen mesfidantzen, erresistentzien eta oztopoen ondorioa.

Eneko Olasagastirekin batera dokumentalaren zuzendaria den Jone Karres “ausartu” zen proiektuari hasiera ematen. Erdi-alemaniarra, erdi-euskalduna izanik, baliteke kasualitate hutsa ez izatea. Konstantzako Unibertsitatean Soziologian, Literaturan eta Ikus-Entzunekoetan lizentziatua, aita alemaniarra eta ama Billabonakoa, Jone Karresek alardearekin topo egin zuen duela sei urte Donostian bizitzea erabaki zuenean bere alde euskalduna “areagotzeko” eta bere euskara hobetzeko. “Segituan ikusi nuen alardearen konfliktoa, neurri batean, identitate kolektiboarekin zerikusirik bazuela; hain zuzen ere, neure identitate bikoitzagatik hainbeste interesatu zaidan gaiarekin”.

Nola bururatu zitzaizun dokumentala egitea?

Gaiari buruz prentsan irakurri eta gero ere hainbat ikerketa irakurri nituen. 2008an lehenengo aldiz bertaratu nintzen Irungo eta Hondarribiko alardeetara eta ekin nion argazkiak ateratzeari, kamarekin grabatzeari eta pertsonekin hitzegiteari. Hauen artean, orduan kapitaina zen Garoa Lekuonakin eta bere familia guztiarekin.

Alardearen konfliktoa betidanik asko hausnartu dudan gaiarekin konektatua zegoen: identitate kultural eta identitate kolektibo arazoarekin, hain zuzen. Erdi-euskalduna eta erdi-alemaniarra naizenez gai hauetan murgilduta egon naiz beti. Esaterako, argentinar identitateari buruzko ikerketa batean parte hartu nuen, bereziki tangoaren boomari buruz krisialdi garaian.

Bi kulturetan haztea baldintzatzen zaitu; txikitan jada zeure buruari etengabe galdetzen diozu zein zaren, nongoa zaren. Baliteke normalean den baino sarriagotan, gehiengoak erreferente kultural bakarra baitu. Neretzat identitatea zerbait erlatiboa eta jariakorra da, gure bizitzan zehar eraikitzen duguna baita. Lantzen dugun zerbait da eta aldatzen doa. Eta festak, erritualak, ospakizun kolektiboak era berean berdin-berdin eboluzionatzen doaz. Aitzitik, zenbaitzuk beraien identitatea bizi dute era estatiko eta iraunkor batean.

Beraz, ikertzen hasi nintzen eta berehala ikusi nuen begi aurrean nuen konfliktoa irudikatu zitekeela dokumental batean, hain gustukoa dudan formatuan. Eta neure buruari esan nion, alde batetik hemen bizi naiz, euskalduna naiz eta gertatzen ari denari buruz jakin badakit; eta, bestalde, gauzak distantzia xamarrekin ikusteko gai izango naiz, nolabaiteko objektibitatearekin, horrela esatea posible bada, “nire alemaniar aldea dela medio”.

Baina, hain zuzen ere, tradizionalistek diotenez, Hondarribiarra edo irundarra ez izatea, beraien festa ulertzea eta iritzi bat izatea eragozten dizu…

Ez nator bat iritzi horrekin, zeren eta Alardean gertatzen dena hainbat festetan eta erritutan gerta liteke, non jendeak sentitzen duen bere festa kaltetu egin dela aldaketaren poderioz. Ohizko giza-fenomenoa da, emozioekin konektatuta, erreakzio-modu unibertsalak, edonon gertatzen direnak. Errituak, festak jendea lotzen du, eta sozial aldaketa sakonak ematen diren uneetan -lanaren munduan, giza-harremanetan, eta abarretan- pertsonek erritu finkoei eusteko beharra dute, aldatzen ez diren ospakizunei. Horiek pentsarazten baitie talde homogeneo, bateratu eta indar baten parte direla.

Alardeei dagokionez, aldaketaren kontrako erreakzioa sortzen da ere, alegia, emakumezkoen parte-hartzearen kontrako erreakzioa, testuinguru jakin batean, non, halaber, aldaketa sozio-ekonomikoak eta enplegu galera nabarmena gertatzen diren, muga ireki eta aduanak desagertzen direnean. Aldaketa hauek erabat nahasten dute. Horrelako egoeretan jendeak gehiago eusten dio tradizioari, aingura moduan funtzionatzen duen erritualari.

Eta nola eman diozu hasiera lanari dokumentalaren ideia buruan duzunean?

2008. urtean gidoiaren lehen ideiak idazten ditut, istorioaren lanketa, alardea zer den irudikatzea, eta sortarazten duen konfliktoa. Une horretan ere ikerketak irakurtzen ditut, esaterako Margaret Bullen eta José Antonio Egidoren Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia (2003) edota Xabier Kerexeta historiagilea. Bai Margaret eta baita Xabier ere dokumentalean agertzen dira, beraiek igortzen baitute, pertsonenez gain, ezinbestekotzat jotzen genuen lekukotasun zientifikoa. Kode asko eman dizkidaten beste sozial ikerlari ez dira agertzen, Teresa del Valle edota Zoe Bray antropologoak kasu.

Hasiera batean Alemanian ekoiztea pentsatu nuen, bainan azkenean konplikatuegia zela iruditu zitzaidan eta 2010. urtearen abuztuan Eneko Olasagasti ezagutu nuen. Ideia aurkeztu eta gustatu zitzaion, eta esan zidan ekoizpen etxe bat interesatuta egongo zela proiektua aurrera eramaten.

Eta filmatzen hasten zarete..

… Filmatzen hasi ginen 2011.ko San Martzialetan. Filmatzen ahala gidoia osatzen genuen. Neure ikuspuntua nuen eta Enekok bere ideiak ekarri zituen. Bion artean gidoia muntatu genuen interes handiko elkarrizketak eginez, esaterako Alkain familiari egindakoak -Ixabeli eta bere anaiei Anjeli eta Joni-, Garoa Lekuonaren gurasoei -Estebani eta Luperi- eta baita Ainhoa Ruiz de Arbulori ere, Irungo Alardearen jeneralari. Bene-benetan eskerrak ematen diegu eta oso hunkituta gaude lekukotasun hauen zintzotasuna eta adorea ikusita, oso penagarriak diren gertakizunak kontatu dizkigute-eta, beraien erlazio familiarrak eta sozialak erabat eragin dituztenak.

Bai, izan ere, senideek kontatzen dutena txundigarria da oso. Oso hunkigarria da, esterako, Garoaren aitak, Estebanek, esaten duenean arrantzale kide batek esaten diola itsasoan bai, baina lehorrean ez diola hitzik egingo…

…Bai, hala da, mingarria da benetan zenbaterainoko eragina izan duen hainbat pertsonengan alardearen konfliktoa, beraien erlazioetan, bai familien barruan baita herrian ere. Garoaren kasuan, familiak bat egin zuen alabarekin; horrek, ordea, gainontzeko senidetik aldentzea eragin zuen, osaba-izebetik, aitona-amonatik.

Horrelako sozial-hausturak hainbestetan gertatu ohi izan dira giza-harremanetan. Xabier Kerexetak esaten duen bezala, problema bat baino gizartean ematen denaren sintoma bat da alardea. Baina kontua da, alardeak sintoma hori aparteko neurrian ikusarazten duela. Ezin dugu ahaztu, esan bezala, erritualak baieztapen kolektiboaren mesedetarako direla. Izan nahi dugunaren isla dira, ispilu moduan erabiltzen dira, preseski irudi biribila eta koherentea islatu behar duena. Eta ispilu hau, ordea, aspaldian apurtu zen.

Zeintzuk izan dira oztopo handienak dokumentala lantzerakoan?

Dudarik gabe, alarde tradizionalaren aldeko pertsonen lekukotasunak aurkitzea. Hamaika aldiz saiatu ginen, baina Jose Ramon Otaegik, Irungo Alardearen artillariak, salbuespen, -zeini zinez ematen diogun eskerrak- beste inork ez zuen nahi izan dokumentalean agertzea. Jose Manuel Susperregui, EHU-ko irakaslea, alardeari buruz aritzen da dokumentalean, baino, zoritxarrez, ez da konfliktoari buruz bustitzen. Iritzi guztiak jasotzea zen gure asmoa, eta badakigu ezin izan dugulako beste aldearen iritzi gehiago bildu leporatuko digutela, arrazoirik gabe, alarde mistoaren alde azaltzen garela. Areago, guk ez genuen gure iritzia eman nahi, konfliktoa mahai gainean jarri baizik. Beraz, parte hartu nahi edo ahal izan ez dutenen iritzirik ez dagoenez, ez dute gure istorioan bermerik aurkitzen ez direlako agertzen. Pena ematen dit. Guk ez dugu off-ahotsaz hitzegiten, ez dugu sekulan iritzirik adierazten. Egiten duguna zera da, konfliktoaren alde biei, protagonistei, hitz-egiteko aukera eman. Halaber, arazoa ikertu duten zientzialariei.

jonekarres2.

Eta ze arrazoia eman zizuten dokumentalean ez agertzeko?

Esaten zidaten emakumeen gaia ez duela alardearekin zerikusirik eta horregatik ez zutela beraien iritzia eman nahi. Eta kanpotarrak izanik ez ginela gai ere gertatzen dena ulertzeko, ezinezkoa baita bertakoa ez bazara.

Orduan konfliktoa emakumeek parte-hartzeko eskubideekin zerikusirik ez badu, zergatik sortu dute lastargien ekitaldia?

Tradizio bat sortu dute, kontraesana hutsa, justifikatzearren emakumeek beraien txokoa dutela; hau da, alarde tradizionala berdintzailea dela justifikatzearren. Esan bezala, goitik beherako kontraesana. Nahiz eta bete-betean sinetsi alardearen muinean ez daudela emakumeen eskubideak, lastargien bidez arazo hau konpondu nahi dute.

Ikusi duzuna ikusita, zer gertatu zaizu deigarriena?

Niretzat harrigarriena izan da ikustea 14 eta 15 urte bitarte horretako neska gazteen erreakzio garratza alarde mistoko emakumeen kontra. Ulertezina egiten zait. Eguneroko dinamika didaktiko bat suertatzen da, etxeetan, familietan, ikastoletan, zeinak ez duen konfliktoa baretzearren inondik-inora lagundu. Zehazki, Irunen, oso eszena kuriosa ikusi nuen, esan nahi dudanaren erreflexua. Betiko ama batek bere seme-alabekin atzea ematen zien desfilatzen zeuden emakumeei. Halere, sena naturalaren poderioz, inguruan musika ozen-ozenki, umeek bira egin zuten gertatzen ari zenaren ikusteko irrikaz. Orduantxe amak buruak bihurritu eta erantzuki egin zien esanez, “ez, hori ez dago ikusterik”. Ikusezintasuna. Emakumeak ikusteari eragoztea, zeren segur aski bertan egotea gustukoa izango dute handitzen direnean. Horrek ere atentzioa ematen dit, nola gurasoek baldintzatzen dituzten seme-alabak.

Zure ustez zer egin da gaizki?

Politikarien aldetik gauza asko. Hasieratik gainera. Lehenengo eta behin alkateek. Emakumeen eskaera ofiziala eta baketsua erantzuteko lana hartu ere ez zuten nahi izan. Sinestezina den administrazio-isiltasun horren aurrean emakumeek desfilean sartzea erabaki zuten. Orain, betikoek diote, ez zituztela itxurak gorde eta beste modu batean egin behar izan zutela. Baina eskaera bat alde batera uzten eta mespretxatzen bada, ez dago beste aukerarik.

Hitz batez, alkateek ziotenez “herriaren gehiengoaren izenean” alarde tradizionalaren alde jokatu zuten. Margaret Bullenek dokumentalean esaten duen moduan, berrogei urteko faxismoa jasan ondoren, “demokrazia”-ren eta “gehiengoa”-ren argudioa apelaezina dirudite, eta, beraz, tradizionalistek “herria” hitza berenganatzen dute gehiengoaren izenean. Hiritarren gehiengoa duen ahotsa nolabait mitifikatzen da, alegia, gehiengoak beti arrazoia izango balu bezala. Baina adibideak baditugu historian zehar kontrakoa frogatzeko.

Bestalde, hasieratik elkarrizketarako ahalegin anitz egin ziren baina egoerak eskatzen zuen mailan ez zuten jardun polikitariek. Botoak direla-eta ez dute gauzak konpontzeko inongo interesik agertu. Eta, bestetik, deigarria da oso, inplikatuta dauden alderdietan -EAJ eta PSE-n-, alderdi-diziplina ez duela funtzionatu, nahiz eta alderdietako goi-mailako agintariek Eusko Legebiltzarrean, zein beste erakundeetan, alardearen mistoaren aldeko konpromisoa hartu izana. Alkateek ez baitute inolako zigorrik jasan. Alardeen pribatizazioan gaizkide izan ziren ere alkateak, eta gaur egun oraindik distantziakidetasun faltsu bati eusten diote ustezko bake soziala lortzearren, beraien betebeharra egin beharrean, alegia, alarde publikoa babestea.

Konfliktoa enkistatua dirudi. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Egunen batean hau dena anakronismo hutsa irudituko zaigu. Etorkizun baketsu hori, ostera, oraindik urruti dago. Pixkanaka-pixkanaka aldatzen joango da. Bitartean ezinbestekotzat jotzen dut erakundeen inplikazioa, eta bereziki alkateena. Hauek beste modu batean jardun eta komunikatu beharko lukete.

Ze iritzi jaso dituzue dokumentala estreinatu ondoren ?

Zertxobait harrituta nabil, zeren pelikulak ez ditu iritzi gehiegi jaso. Komunikabideetan ere, batzuk besteak baino gehiago inplikatzen dira gai honetan. “Alardearen seme-alabak” ikusteko aukera izango da Hondarribian eta Irunen maiatzean. Orain ingelesez eta alemaniarraz azpitituluak jartzen nabil ea kanpoan erakusteko aukera dugun. Eta pilo bat gustatuko litzaidake eskoletan, fakultateetan, ikastoletan, solasaldietan erakustea. Dokumentala baliagarri gerta bailiteke gizartean hausnarketa eta eztabaida berriak bultzatzeko.

Eta zeuk zer ikasi duzun prozesu honetan?

Pertsonalki gauza asko. Niretzat lehenengo erronka euskaraz elkarrizketak egitea izan da. Dokumental bat egiten eta aurkezten ikasi dut ere bai. Ekoizpen ekipoan emakume bakarra gisa asertiboagoa izaten ikasi dut. Emakumeok, hainbestetan, gure iritziak emateko edota inposatzeko galarazten dizkiguten barruko oztopoak izaten ditugu. Zinemagile bezala indartzeko eta etorkizuneko proiektuetan konfiantza gehiago izateko balio izan dit dokumentala. Nere ustez, gainera, bizi dugun egoeran kontuan hartuta, dokumentalentzat garai ona da. Norbaitek galdetu zidan ea zergatik ez genuen fikziozko pelikula bat filmatu. Errealitatea fikzioa gainditzen duenean logikoena dokumental bat egitea delako, erantzun nion. Alardearen errealitatea berari buruz imajina dezakegun edozein fikzioa baino askoz ere konplexuagoa eta gogorragoa da.

Informazio gehiago: Alardezaleak Elkarteak: “Tradizioak ez du sexurik, eta bizirik irauten badu denbora berrietara egokitzen delako da”. Emakunde Aldizkaria, Udaberria 2012

Jaitsi Jone Karresen elkarrizketa [PDF formatua 342 kb.]

Sarrera berriak

  • Emakundek, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak lan-osasunaren genero ikuspegian emandako aurrerapenak aztertu dituzte

    25/02/2021 - 0 iruzkin
  • 24/02/2021 - 0 iruzkin
  • Zaintzak ikusarazi, baloratu eta gizarte osoaren artean banatzeko deia egiten du Emakunderen aurtengo martxoaren 8ko kanpainak

    24/02/2021 - 0 iruzkin

Erantzun bat to “Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria”

  1. 11/04/2015

    Myriam Zulaika Erantzun

    Jone Carres Azurmendirekin bat nator. Nire seme-alabak ere erdi alemaniarrak eta erdi euskaldunak bait dira. Oso ondo ulertzen diot berak dioenean, bi kulturetan hazteak baldintzatzen zaituela; txikitan jada zeure buruari etengabe galdetzen diozula nor zaren eta nongoa zaren. Hau niri ere gertatzen zait, berton jaioa naiz baina 24 urte nituela joan nintzen Alemaniara eta bertan urte askoz bizi. Orain berriro Euskal Herrian nagoen arren, Alemaniak eta hango kulturak pisu haundia du nigan, are gehiago orain Euskal Herrian hango eta hemengo kulturak bateratzen bait ditugu.
    Traidizioak aldatzen joan dira beti. Ni txikia nintzenean akolito lanak herriko mutilak egiten zituzten eta gaur egun neskatxak ere egiten dute. Jauna ematen ere emakumeak dabiltza eta Alemanian bezala, laister hemen ere apaizak emakumeak izanen dira. Traizioak batzuak gustoko ditut, besteak ez hainbeste, baina gaur egun gizon eta emakumeak eskubide berdinak behar dituzte izan edozertan ere. Beraz, tradizioari jarraituz Alardea berdin berdin egin daiteke, herriko festa giroa bizi, dena elkarrekin, bai gizon eta bai emakume.

    Jone Carres Azurmendiri nire ZORIONAK, egin duen lana egiteagaitik eta emakume auzarta izateagaitik. Berak bere bihotzean txikitatik duen arrari bere ibilbidea egiten utzi dio eta orain zoriontsuagoa da, bai bera eta bai beste asko ere noski.

    Gustura ezagutuko nukeen emakume hoietariko bat da niretzat Jone.

Utzi iruzkin bat Utzi iruzkina bertan behera

Zure posta helbidea ez da argitaratuko Derrigorrezko eremuak markatuta daude


*
*

  • Berriena
  • Ikusiena
  • Iruzkinak
  • Emakundek, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak lan-osasunaren genero ikuspegian emandako aurrerapenak aztertu dituzte

    25/02/2021 - 0 iruzkin
  • 24/02/2021 - 0 iruzkin
  • Zaintzak ikusarazi, baloratu eta gizarte osoaren artean banatzeko deia egiten du Emakunderen aurtengo martxoaren 8ko kanpainak

    24/02/2021 - 0 iruzkin
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    30/09/2014 - 2 iruzkin
  • Virginia Woolfen obraren inguruan aritu ziren Berdintasun Gunean

    09/10/2013 - 1 iruzkin
  • Emakume elkarteak teknologia berrietan prestatzeko ikastaroa antolatu dute Emakundek eta KZgunea sareak

    11/04/2014 - 1 iruzkin
  • Datorren irailaren 15ean bukatzen da 2017ko Berdintasunerako Emakunde sarira hautagaiak aurkezteko epea

    Kaixo: nik aurtengo sarirako Berritzeguneetan Hezkidetza mintegiko...
    12/09/2017 - Karmen
  • Publizitate eta komunikazioan sexismoa antzemateko eta kexak bidaltzeko mugikorretako aplikazio bat aurkeztu du Emakundek

    […] erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko, edozein...
    19/07/2017 - BEGIRA app-a aplikazioa, publizitatean eta komunikazioan egon daitezkeen erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko sortutakoa da. – HEZKIDETZA EGUZKITZA BHI
  • Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

    Jone Carres Azurmendirekin bat nator. Nire seme-alabak ere erdi...
    11/04/2015 - Myriam Zulaika
  • Emakundek genero kontuetan nazioarteko aditua den Alda Facio ekarriko du Euskal Herrira martxoan

    Zergatik ez dirahorrelako ekitaldi interesgarriak ia inoiz Donostiara...
    25/02/2015 - Karolina
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    Atzo iruzkin bat ipini genuen albiste honetan, baina dirudienez...
    02/10/2014 - Aspasia Emakumeen Elkartea

Newsletter

Suscríbete a nuestro boletín y recibe todas las noticias en tu e-mail

RSSHarpidetza 0 Jarraitzaileak

Calendario

2013(e)ko Abuztua
M T W T F S S
« Jul   Sep »
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Etiketak

abortoa Ahalduntzea aitak aitatasuna Alda Facio amatasuna argitalpenak begira Berdintasuerako legea berdintasunerako gunea berdintasunerako sailarteko batzordea Elkarteak emakumeen elkarteak emakumeen eskubideak Emakundek Euskadin entitate laguntzaileak Erantzukidetasuna Feminismoa foro; berdintasun gunea gizonak hezkidetza Hezkuntza hiritartasuna Hizkuntza ikerlanak IKT indarkeria Jazarpen sexuala Kirola klausulak komunikabideak Kontziliazioa lana landa eremua lehiaketa mutilazioa nazio bautta nekazaritza osalan Osasuna publikazioak publizitatea sexismoa sexista Soldata ezberdintasuna
  • Lege informazioa
  • Kontaktua
© 2013. Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Gobierno Vasco Eusko Jaurlaritza Emakunde