
Bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko eta genero ikuspegia laneko segurtasun eta osasunaren arloko prebentzio lanetan txertatzeko lanean abiapuntu izatea du helburu hitzarmenak. Elkarlanerako dokumentua, Osalanek antolatutako “Generoaren analisia lan osasunaren eremuan” izeneko jardunaldiaren baitan sinatu da.
Izaskun Urienek, Osalaneko zuzendariak eta Izaskun Landaidak Emakundeko zuzendariak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Informazioa, aholkularitza, dibulgazioa eta formazioa elkarlanerako esparru bezala finkatzen dira hitzarmenean eta hauetan genero ikuspegia txertatzeko konpromezua jasotzen da.
Izaskun Urienek, Osalaneko zuzendariak adierazi du, “begiratu batean generoz neutroak diruditen eskenatokiak, datuak, sarritan ez direla horrela izaten eta horrexegatik, “laneko segurtasunaren eta osasunaren arloari ere betaurreko moreak jantzita begiratzeko garaia” iritsi dela adierazi du.
Urienek emakumeak lan munduan duen lekuari egin dio erreferentzia, leku hori desberdina dela esanez, eta “desberdintasun horrek lan arrisku gehigarria” suposatzen ote duen azterketzeko beharraz hitz egin du. Hori horrela izanik “Emakunderekin batera, lan arrisku horiek desagertarazateko edo euren eragina gutxitzeko” lan egingo dutela adierazi du.
Izaskun Landaiak, Emakundeko zuzendariak bere aldetik aipatu du kontuan izan behar dela gizon eta emakumeen gorputzak eta bizi baldintzak ez direla berdinak eta ondorioz, dituzten gaixotasunak eta izan ditzaketen arriskuak ere ezberdinak izan daitezkeela. Hau dela eta, Landaidaren iritziz, guztiz beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea laneko segurtasuna eta osasunarekin zerikusi duten esparruetan baita ere.
Landaidak aipatu du kontuan izan behar direla, besteak beste, emakumeek lan munduan pairatzen duten diskriminazioa, familia eta lana uztartzeko dituzten arazoak (emakumeak baitira oraindik ere zaintza eta etxeko lanen ardura nagusia dutenak), eta baita kalte-ordainak jasotzeko orduan, emakumeen arazoak gutxiesten direla kasu askotan.
Erantzunik gabe ra(etara) “Osalanek eta Emakundek hitzarmena sinatu dute lan segurtasun eta osasun arloan genero ikuspegia txertatzeko”