• eu
  • Aurreko aleak

Logo

Euskadi.eus
Nabegaziorako menua
  • Emakunde
  • Elkarrizketak
  • Gizartea
  • Ekonomia
  • Indarkeria
  • Parte-hartzea
  • Sentsibilizazioa
  • Kultura

Marta Macho: «Emakumeok leku nabarmenagoa izango dugu zientziaren munduan gaur egungo lehiakortasun kontzeptuaren ordez lankidetzarena nagusitzen denean»

29/02/2016 | 0 iruzkin
  • tweet
Elkarrizketak Nabarmenak

Testua: Karolina Almagia
Argazkiak: Jon Hernáez

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Geometria eta Topologiako irakasle den Marta Macho Stadle matematikariak dibulgazioari eskaini dio bere bizitzaren zati handi bat, eta emakumeak zientziaren alorrean jokatzen duen rola bistaratzen ahalegindu izan da beti. Mujeres con Ciencia blogaren editorea eta Bilboko Bidebarrieta liburutegiak urtero antolatzen duen ‘Emakumeek zientzia egiten dute’ zikloaren koordinatzailea ez ezik, Emakumea zientzian. Zientziaren historian zehar emakumeak izan duen garrantziaren inguruko gida didaktikoa liburuaren egilea da, beste batzuekin batera, eta Real Sociedad de Matemáticas Española erakundearen Emakumeen Batzordeko kide, zeinak saritu egin baitu aurten «bere dibulgazio lanagatik, berdintasunarekiko konpromisoagatik eta hainbat hezkuntza mailatako matematika irakasleen artean egindako zubigintza lanagatik». 2015ean, halaber, Berdintasun Saria eman dio Alacant-eko Unibertsitateak «emakume zientzialariek gizartearen aurrerapenari egindako ekarpena bistaratzearen alde gauzatutako egintzengatik».

Zientziaren alorrean emakumeak bistara ateratzen urteetan lan egin ondoren, orain ari zaizkizu aitorpenak eta sariak iristen. Baina, laguntza edo, gutxienez, sostengua sentitu al duzu denbora honetan guztian?
Gai korapilatsua da zientziaren eta emakumeen gaia, eta are gehiago Unibertsitatean, non mundu guztiak uste baitu lortu beharreko gauzak lortuta daudela jada. Nik urte asko daramatzat honetan lanean eta eszeptizismo moduko bat nabaritu izan dut beti inguruan. Ez gara batere kritikoak eta mundu guztiak uste du zientziaren alorrean ez dagoela sexismorik. Nik ez dut elkartasun handirik sentitu, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla. Orain politikoki zuzena da, dirudienez, gai honetaz mintzatzea eta uste dut azkeneko sari hori inflexio-puntu bat izan daitekeela.

Zientzia eta Historiako testu-liburuek jasotzen al dituzte jada emakume zientzialarien izenak, ala lehenean segitzen dugu?
Testu-liburuetan ez dira asko aipatzen zientzia egiten duten pertsonak, ez gizonak eta ez emakumeak, eduki asko dagoelako emateko eta denbora eta toki gutxi. Baina iturri onetik dakit Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle asko ari direla ahalegintzen emakume zientzialarien izenak bistara atera daitezen eta, bide batez, beren ikerketak eta asmakuntzak egiteko haiek izandako oztopoen berri ematen dute. Dena dela, testu-liburuek badute aldatu beharreko beste gauza bat ere, adibidez, problemak edo ariketak planteatzen dituztenean, ia beti mutiko bat izan ohi da protagonista.

Marie Curie alde batera utzita, emakume zientzialari edo aurkitzaile gutxiren izenak ezagutzen ditu jendeak. Nor ez genuke ahaztuta utzi behar ezein kasutan ere?
Horrenbeste daude… Matematikaren alorrean soilik, Sofía Kovalevskaya, Ada Lovelace, Emy Noether,Txien-Xiung Wu, Nobel sarian baztertua izan zena, bere lankideen mesedetan… Urte hau Argiaren Urtea izan da eta erakusketa zoragarri bat egin da argiaren arloan ekarpenak egin dituzten hamabi emakumezkori buruz. Emakume asko eta asko daude Historian leku bat edukitzea merezi dutenak, baina, azken batean, uste dut garrantzizkoena haietako batzuk ezagutzea dela ereduak edukitzeko, baina mitorik sortu gabe. Mitoek mesede eskasa egiten diote gizarteari. Lortu behar duguna da zientzia munduko pertsonak hurbileko gizaki modura ikustea, beren arazoekin eta borrokekin, hori funtsezkoa da. Horrek eta, lehiakortasunaren ordez lankidetza balego, neskato asko hurbilduko litzateke zientziara, gustagarriago, eskuragarriago egingo luke horrek.

Oraindik ere geratzen al dira bidean emakume zientzialariak haien aitorpena egiteko orduan? Zer gertatzen da, adibidez, Nobel sariekin?
Argi dago emakumeei gutxiago egiten zaizkiela horrelako aitorpenak, gizonei baino. Aurten, emakume bakar bati eman zaio zientzietako Nobel saria eta beste bi gizonekin partekatu du, Fisiologian eta Medikuntzan; bide batez esanda, Medikuntzakoa izan da emakumeen Nobel sari gehien izan dituena. Zer gertatzen da? Ba, beste esparru askotan gertatzen dena: erabakiak hartzen dituen batzorde bat dago, non gizonak gehiengoa diren, eta gizonek beren burua baizik ez dute ikusten. Gai korapilatsua da, eta gauza bera gertatzen da biltzar baterako txostengileak hautatu behar direnean. Horren kontra ere ari gara borrokan; gaur egun, jende askok protestatzen du –eta biltzar batera ez joatea ere erabakitzen dute–, txostengile nagusi gisa gutxienez emakume bat ez badute gonbidatu. Zergatik ez dute emakumerik aurkitzen hitzaldi horiek emateko? Ez da ez daudelako, badaude, jakina, baina askotan errazenera jotzen da, ikusgarritasun handiena dutenei deitzen zaie, jendearentzat ezagunenak direnei. Eta horiek, nola ez, gizonezkoak dira. Gurpil zoro bat da. Gertatzen da beste eremu batzuetan ere, nahiz eta kanpotik, batzuetan, zientzia klitxe horietatik libre dagoela uste izan, berez zuzenagoa dirudielako. Baina ez da horrela, erabaki ororen atzetik pertsona bat baitago. Zer proiektu finantzatuko den, zer gai ikertuko den erabakitzen dutenak pertsonak dira, beren interes eta aurreiritziekin. Zientzia, beste zeinahi eremu bezala, era guztietako balioz beteta dago.

Neskatoei eta neska gazteei zientzia gustagarriago egitea aipatu duzu lehen. Batik bat letretako karrerak aukeratzen jarraitzen al dute emakumeek?
Ez beti. Matematiketan, eta jendea harritu egiten da honetaz, emakume asko daude. Baita Biologian edo Kimikan ere. Baina Fisikan ingeniaritzetan eta arlo teknikoko beste karrera batzuetan bezala gertatzen da, lanbide maskulinoagoak bezala geratu dira. Emakume gazteek beste zientzia batzuetarako dute joera, medikuntzarako, adibidez. Esan ohi da, eta beharbada egia da, emakumeok aplikazio sozialak dituzten lanbideak hautatzeko joera izaten dugula.

Zergatik horrenbeste emakume zientzialarik uzten dute bertan behera ikerkuntza karrera?
Ikerkuntzako karrerak oso gogorrak dira eta guraize efektua gertatzen da hor. Oztopoz josita daude eta, denbora galtzen baduzu, ama izan zarelako edo adineko pertsonak zaindu behar dituzulako, atzean geratzen zara. Iristen da momentu bat non emakumeek ezin dioten guztiari aurre egin, eta batzuetan utzi egiten dute ikerkuntza. Bitxia bada ere, esaten da gizonezkoak aita bihurtzen direnean haien emankortasuna areagotu egiten dela. Baina ikerkuntzan gertatzen den emakumeen jaitsiera ikaragarri hori ez dago soilik umeak izateari lotuta. Aurkitzen dituzten traba guztiei baizik: gizonen korporatibismoa, erabakiak hartzen dituenaren pentsamoldea…
Zientziaren munduan lehenbailehen argitaratu behar da, informazioa orain oso bizkor partekatzen baita. Horrek esan nahi du etengabe ikertzen ari ez bazara, azpian pasako zaituzten arriskua dagoela. Oso lehiakorra da eta emakumeok, alor horretan, okerrago funtzionatzen dugu. Segur aski, gutxiago entrenatuta gaude lehiakortasunean.

Nola daramazu lehiakortasuna zuk pertsonalki?
Hogeita hamar urte daramatzat zientziaren alorrean eta lehiakortasunarekin gaizki konpontzen naiz, ez zait batere gustatzen; are gehiago, gogaikarria zait. Nik Lyongo Unibertsitatean egin nuen nire tesia eta Frantzia oso herrialde gogorra da arlo horretan. Diziplina arteko taldeak eratzen dira, eta entrenatzeko, arbelera ateratzen zaituzte eta alde guztietatik egiten dizute eraso. Gaiztotik ere dezente du. Ez dut gustuko sistema hori. Nire ustez lankidetzan lasai lan eginez gauzak askoz hobeto ateratzen dira etengabe lehian arituz baino. Baina, zoritxarrez, horrek funtzionatzen du gaur egun. Erresistentziako lasterketa bat da. Badirudi presio hori ongien jasaten duena dela onena. Nire iritziz, ordea, badago jendea hain azkarra, erasokorra edo lehiakorra ez dena, baina lanean besteak bezain ona dena. Zientziaren kontzeptu hori bertan behera uztekoa da: zientzia ez da lider baten edo besteak baino azkarragoa delako gauzak aurkitzen dituen pertsona baten kontua, zientzia diziplina arteko taldeek egiten dute, eta denek jokatzen dute hor paper garrantzitsua. Zientzia horrela ulertzen denean, emakumeok toki garrantzitsuagoa edukiko dugu, tankera horretako lanera hobeto egokitzen baikara.

Mujeres con Ciencia bloga editatzen duzu. Nondik sortu zen proiektu hori?
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren blog bat ba. Egun batean, Katedraren arduradunak, Juan Ignazio Perezek, proiektuan lan egitea proposatu zidan, eta nik poz-pozik hartu nuen enkargua nire gain. 2014ko maiatzean hasi ginen eta oso ongi ari da funtzionatzen, hainbat motatako irakurleak ditugu, edukiak ere askotarikoak izaten baitira; batzuetan emakume aitzindariez mintzatzen gara, beste batzuetan gaur zientzia egiten dutenez. Zientziarekiko zeharkako gauzak ere sartzen ditugu: beren artelanetan zientziaz hitz egiten duten artistak, esate baterako.

Gainera, beste lankide baten laguntzarekin, Bidebarrietako ‘Emakumeek zientzia egiten dute’ hitzaldi zikloa ere koordinatzen duzu. Aurtengoan interes handia piztu duen gai bat sartu duzue: medikuntzako genero-norabideak ekar ditzakeen kalteak emakumearen osasunerako.
Oso gutxi hitz egiten da gai horretaz eta horregatik gonbidatu genuen Elena Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean lan egiten duena. Azterketa klinikoak egiteko askoz gehiago erabiltzen dira gizonezkoak emakumezkoak baino, emakumeek hormona-aldaketa handiak edukitzen dituztelako. Azterlan horietatik ateratzen diren ondorioak –adibidez, hartu beharreko sendagai kantitatea, edo izan ditzaketen albo-ondorioak– baliagarriak dira gizonentzat, baina orain ikusten ari dira agian ez direla hain baliagarri emakumezkoentzat. Bestalde, sintoma batzuk ez dira berdinak gizonetan eta emakumeetan: miokardioko infartuekin gertatzen da hori. Hala, askoz emakume gehiago hiltzen dira gaixotasun horren ondorioz, nahiz eta, kuantitatiboki, gizonek infartu gehiago izaten duten. Gizonezkoei besoan jartzen zaie oinazea, baina emakumeoi urdail aldean eragiten digu, eta askotan, nahasmendu sikologiko bat diagnostikatzen digute, antsietate atake bat bezala –oso ohikoa–, horrela, emakumea ospitalera iristen denerako, askotan, infartua heriotza fasean egoten da. Genero-ikuspegia aplikatu beharra dago medikuntzan, zeren ikusten ari gara alor honetan ere galtzaile irteten garela emakumeok.

Unibertsitate publikoan emakumeek zuzendaritzako karguetan duten parte-hartzea zuek nahi zenuketena al da?
Euskal Herriko Unibertsitateak asko zaintzen du parte-hartze kuoten gaia. Batzorde eta zuzendarizako talde guztietan parean egon behar du gizonen eta emakumeen zenbatekoak. Gertatzen dena da kargu guztiak ez direla berdinak: xehekiago ikusi behar litzateke zer nolako erantzukizunak ematen zaizkien batzuei eta besteei…

Eta kuoten gaiak pizten al du polemikarik Unibertsitatean?
Bai, jakina. Jende askorentzat ergelkeria bat da, eta beste batzuk ikaragarri gogaitzen ditu. Ematen duten argudioa da ez zaiola pertsonaren sexuari begiratu behar, baliotsuena hautatu behar dela. Baina, zuk uste duzu zuzendaritzan dagoen jendea baliotsuena dela beti? Gauza ez den gizonezkorik ez balego bezala mota guztietako karguetan! Eta ez dituzte emakumeek sorrarazten dituzten mizkinkeriak pizten, hauen balioa beti baitago zalantzan… Kontua taldeak eratzea da une horretan dauzkazun pertsonekin eta talde horiek ahalik eta orekatuenak izan daitezen saiatzea. Entzun ohi denaren kontra, kargu egokietan jenderik baliotsuena ez egotea ez dago, inola ere, emakumeei leporatzerik.

Zer da irakasletza zuretzat?
Nire benetako bokazioa da. Oso gustukoa dut jendea matematiketara zaletzea. Jende gazteari irakastea haietara egokitzea da eta horrek burua irekita edukiarazten dizu, oso aberasgarria da, benetako luxua. Irakasletza berebizikoa da. Begiratzen badiezu, jakina. Ikasgela ez baita soilik jendeari edukiak irakasten zaizkion leku bat. Ofizioa irakatsi behar zaie, gauzak egiteko moduak. Markatutako edukietan aurrera egiteagatik ikasleen erdiak bidean geratzen bazaizkit, nire eskolak zentzu guztia galtzen du. Ulertu egin behar dute, eta nik edozer egingo dut uler dezaten, denbora gehiago behar badut ere.

Eta dibulgazioa?
Gizarteak jakin beharra dauka Unibertsitatean zer egiten ari garen, beste arrazoi batzuen artean, diru publikotik ordaintzen zaigulako. Zientzia oso eroso bizi izan da denbora luzez, bere txokoan sartuta, ezer kontatu nahi ezta, inork ulertuko ez zion aitzakiarekin. Baina mutikoak eta neskatoak erakarri beharra dago zientzietako karrerak egin ditzaten, beldurra galdu behar diete matematikei, adibidez, denbora luzez gorrotoa izan baitzaie. Matematikak ere izan daitezke jostagarriak, oso ederrak dira eta berebiziko aplikazioak dituzte. Gainera, burua janzten laguntzen dizute. Matematiketan zerbait ulertzera iristen zarenean, aurkikuntzaren plazerak ez du parekorik.

Sarrera berriak

  • Berdintasunari buruzko hiru ikerketa beka deitu ditu Emakundek 70.000 euroko balioarekin

    04/01/2021 - 0 iruzkin
  • Prostituzioan eta gizarte bazterketako egoeretan dauden emakumeekin lan egiten duen Askabide elkartearentzat Emakunde Saria

    21/12/2020 - 0 iruzkin
  • Begira sarea bi tresna praktiko lantzen ari da komunikazio eta publizitate ez-sexistan aurrera egiteko

    17/12/2020 - 0 iruzkin

Erantzunik gabe ra(etara) “Marta Macho: «Emakumeok leku nabarmenagoa izango dugu zientziaren munduan gaur egungo lehiakortasun kontzeptuaren ordez lankidetzarena nagusitzen denean»”

Utzi iruzkin bat Utzi iruzkina bertan behera

Zure posta helbidea ez da argitaratuko Derrigorrezko eremuak markatuta daude


*
*

  • Berriena
  • Ikusiena
  • Iruzkinak
  • Berdintasunari buruzko hiru ikerketa beka deitu ditu Emakundek 70.000 euroko balioarekin

    04/01/2021 - 0 iruzkin
  • Prostituzioan eta gizarte bazterketako egoeretan dauden emakumeekin lan egiten duen Askabide elkartearentzat Emakunde Saria

    21/12/2020 - 0 iruzkin
  • Begira sarea bi tresna praktiko lantzen ari da komunikazio eta publizitate ez-sexistan aurrera egiteko

    17/12/2020 - 0 iruzkin
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    30/09/2014 - 2 iruzkin
  • Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

    15/08/2013 - 1 iruzkin
  • Virginia Woolfen obraren inguruan aritu ziren Berdintasun Gunean

    09/10/2013 - 1 iruzkin
  • Datorren irailaren 15ean bukatzen da 2017ko Berdintasunerako Emakunde sarira hautagaiak aurkezteko epea

    Kaixo: nik aurtengo sarirako Berritzeguneetan Hezkidetza mintegiko...
    12/09/2017 - Karmen
  • Publizitate eta komunikazioan sexismoa antzemateko eta kexak bidaltzeko mugikorretako aplikazio bat aurkeztu du Emakundek

    […] erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko, edozein...
    19/07/2017 - BEGIRA app-a aplikazioa, publizitatean eta komunikazioan egon daitezkeen erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko sortutakoa da. – HEZKIDETZA EGUZKITZA BHI
  • Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

    Jone Carres Azurmendirekin bat nator. Nire seme-alabak ere erdi...
    11/04/2015 - Myriam Zulaika
  • Emakundek genero kontuetan nazioarteko aditua den Alda Facio ekarriko du Euskal Herrira martxoan

    Zergatik ez dirahorrelako ekitaldi interesgarriak ia inoiz Donostiara...
    25/02/2015 - Karolina
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    Atzo iruzkin bat ipini genuen albiste honetan, baina dirudienez...
    02/10/2014 - Aspasia Emakumeen Elkartea

Newsletter

Suscríbete a nuestro boletín y recibe todas las noticias en tu e-mail

RSSHarpidetza 0 Jarraitzaileak

Calendario

2016(e)ko Otsaila
M T W T F S S
« Nov   Mar »
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
29  

Etiketak

abortoa Ahalduntzea aitak aitatasuna Alda Facio amatasuna argitalpenak begira Berdintasuerako legea berdintasunerako gunea berdintasunerako sailarteko batzordea Elkarteak emakumeen elkarteak emakumeen eskubideak Emakundek Euskadin entitate laguntzaileak Erantzukidetasuna Feminismoa foro; berdintasun gunea gizonak hezkidetza Hezkuntza hiritartasuna Hizkuntza ikerlanak IKT indarkeria Jazarpen sexuala Kirola klausulak komunikabideak Kontziliazioa lana landa eremua lehiaketa mutilazioa nazio bautta nekazaritza osalan Osasuna publikazioak publizitatea sexismoa sexista Soldata ezberdintasuna
  • Lege informazioa
  • Kontaktua
© 2013. Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Gobierno Vasco Eusko Jaurlaritza Emakunde