
Testua: Karolina Almagia
Argazkiak: Jon Hernáez
Maria del Mar Garcia Calvente ospe handiko aditua da Genero eta Osasunaren arloan. Urteak daramatza osasunean dauden genero-ezberdintasunak aztertzen eta lantzen; bereziki, zaintzaileen osasunean eta bizi-kalitatean ezberdintasun horiek duten inpaktua ikertzen du. Medikuntza eta Kirurgiako doktorea da, eta Osasun Publikoko eta Pediatriako espezialista; Genero eta Osasun arloko Espezializazioaren Diploma zuzentzen du EASP Osasun Publikoko Andaluziako Eskolan, Granadan, eta Osasunaren Erakunde Panamerikarraren Genero eta Osasun Unitatean eta OMEko Europako Eskualdeko Generoaren eta Giza Eskubideen Programan parte hartzen du.
Generoari, osasunari eta osasun-zerbitzuei buruzko 30 ikerketa-proiektu baino gehiagotan parte hartu du, eta gaur egun CUIDAR-SE proiektuaren ikertzaile nagusia da: “Andaluzia eta Euskadiko emakume eta gizon zaintzaileen osasunaren eta bizi-kalitatearen Jarraipen Azterlana”. Carlos III Institutuak finantzatzen du proiektu hori.
Maiatzaren 28an hitzaldi bat eman zuen Bilbon, Emakundek antolatua Emakumeen Osasunerako Nazioarteko Ekintza Eguna dela-eta. Berarekin hitz egin genuen.
Ikerketa guztien arabera, osasun-zainketa gehienak osasun-sistema profesionaletik kanpo gertatzen dira, gaur egun zaintza-sistema informala deiturikoaren eremuan. Zertaz ari gara Arreta Informalari buruz hitz egiten dugunean?
Pertsonalki, nahiago dut zainketa edo zainketa informalez hitz egin. Zainketen kontzeptuaren barruan sartzen dira, modu zabal batean hartuta, giza bizitzari eusten laguntzen duten jarduera guztiak. Zentzu hertsiago batean, berriz, honela definitu dezakegu zainketa informala: senideek, adiskideek edo hurbileko zirkulu sozialeko pertsonek dependentzia duten pertsonei (autonomia murriztua dutenak) zainketa-prestazioak ematea inolako ordainsari ekonomikorik jaso gabe.
Zainketa informala kontzeptu konplexua da, multidimentsionala, eginkizunak, harremanak eta etika jakin bat inplikatzen dituena. Lan horren mugak ezin dira definitu zer egiten den, nork egiten duen eta zenbat denbora eskaintzen den galderei erantzunez; izan ere, dedikazio altuko lana da (24 ordu egunean, 7 egun astean, 365 egun urtean), izaera zirkularrekoa. Eta hori da eremu hau ikertzeko dagoen zailtasun garrantzitsuenetako bat.
Zainketa informal horiek nola banatzen diren aztertu duzu. Zer aurkitu duzu?
Osasun Publikoko Andaluziako Eskolako ikerketa-taldea –nik zuzentzen dut– lehena izan zen biztanlerian oinarritutako inkesta bat egiten Andaluzian, gure testuinguruan zainketa informalaren fenomenoak dituen ezaugarriak ikertzeko asmoz. Andaluziako 3.000 etxetako pertsonei egin genien inkesta; horien artean, zainketak behar zituzten 2.600 pertsona identifikatu genituen, eta 1.000 zaintzaile. Ikerketa hartan (1996an argitaratu zen), ikusi genuen arreta behar zuten pertsonak (adingabeak, adinekoak, gaixotasun kronikoa edo desgaitasuna zutenak) hurbileko familiak zaintzen zituela batez ere. Gainera, % 66k bakarrik egiten zuten lan hori, hau da, zerbitzu profesionalen inolako laguntzarik gabe.
Gerora egindako ikerketetan, estatu-mailan, antzeko kopuruak agertu dira, are handiagoak (% 80 inguruan) adinekoen edo dependentzia duten pertsonen zainketen kasuan. ELGAren barruan, Espainia zainketa informal gehien dagoen herrialdeetako bat da, batez ere intentsitateari dagokionez, zeren oso denbora-dedikazio altuko zainketak baitira.
Zainketa horiek ez dira berdin banatzen familiako eta adiskide eta bizilagunen zirkuluko pertsonen artean: kasuen % 75 baino gehiagotan, hau da, lautik hirutan, zaintzaileak emakumeak dira.
Zer emakume-mota dira? Berdin gertatzen da klase sozial guztietan?
Klase soziala gorabehera, esan daiteke gizarte honetan emakumeoi esleitu zaigula zaintzaile-rola: besteak zaintzeko “betebehar morala” dugula suposatzen da. Eta ia emakume guztiok gure bizitzaren uneren batean zaintzaileak izan gara, edo izango gara.
Beste kontu bat da, diru-sarrera eta hezkuntza-maila handiagoa eta ordaindutako enplegua izan dezaketen emakumeek zainketarako laguntza eska dezaketela, eta kasu horietan ere gehienetan emakumeak izaten dira zaintzaileak, ordainsari baten truke lan horiek egiten dituztenak.
Baliabide horiek ez dituzten emakumeek, klase sozial apalenetakoak, beren gain hartu behar izaten dituzte lan horiek, eta askotan bakarrik. Emakumeek zainketa-lanak egiteko ezartzen den presio soziala handiagoa da nekazal munduan, aukera gutxiago baitute beste pertsona batzuk zaintzeko ardura hartu nahi duten ala ez erabakitzeko.
Granadan eta Gipuzkoan zainketa informalak egiten dituzten gizon eta emakumeekin CUIDAR-SE proiektuaren barruan egiten ari garen ikerketa multizentrikoan jasotako datuen arabera, emakumeen %63k (eta gizonen %54k) bakarrik egiten dituzte zainketa-lanak, beste inoren laguntzarik gabe. Zainketa gehiago partekatzen da Gipuzkoan Granadan baino.
Ez da ahaztu behar “zainketa” ez dela mugatzen eginkizun edo jarduera batzuk egitera, zaintzen ditugun pertsonen zainketen erantzukizuna ere gure gain hartu behar izaten baitugu. Zainketen “karga mental” hori oso faktore garrantzitsua da, eta inpaktua dauka gure osasunean; karga hori denok jasaten dugu, klase sozial batekoak zein bestekoak izan.
Dedikazio horrek zer ondorio ditu emakumeengan?
Zaintzaile-rolak bizitzaren alderdi ezberdinetan ditu ondorioak, eta ondorio horiek ez dira berdinak emakumeentzat eta gizonentzat.
Adibidez, lan- eta ekonomia-eremuan 100 emakumetatik 30ek ezin dute enplegu bat izatea planteatu, bateraezina delako zaintza-ardurarekin. Gizonen kasuan portzentaje hori 100etik 9ra jaisten da. Eta intentsitatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta enplegu-aukera gutxiago ditu zaintzaileak. Labur esanda, beste pertsona batzuen zainketaz arduratzeak “aukera-kostu” handia ekartzen dio emakumeari, askotan aukeratu behar baitu zer egin, lan produktiboa (ordaindutakoa) edo zainketa- edo ugalketa-lana (ordaindu gabea). Bi lan-motak bateratu ditzaketen emakumeek ere ondorio batzuk jasan behar izaten dituzte, adibidez, beren karrera profesionalean aurrera egiteko mugak, lan-aldaketak edo lan-absentismoa.
Zaintzaileak lan-merkatutik kanpo uzteak edo profesionalki aurrera egitea mugatzeak ondorio negatiboak dituzte, besteak beste, norberarenn zein familiaren ekonomian, diru-sarrerak gutxitzen direlako. Gainera, dependentzia duten pertsonek osasun-arazoak badituzte, gastuak ere igo egiten dira.
Zaintzearen lan- eta ekonomia-inpaktuaren ondorioak epe motzera ez ezik, epe luzera ere ikusten dira, denbora luzeagoan zainketa-lanak egiten dituzten pertsonen bizitzan eragina dutenak: ordaindutako enplegua uzteak edo enplegua lortzerik ez izateak murriztu egiten ditu etorkizunean prestazio sozialak izateko eskubideak (kontribuzioaren araberako pentsioak), eta, ondorioz, zainketaz arduratzeari uzten diotenean ere murriztuta ikusten dute euren erosketa-ahalmena. Badakigu adin aktiboan dauden zaintzaileek, batez ere emakumeek, pobrezian erortzeko arrisku handiagoa dutela.
Eta inpaktu profesionalaz gainera, bestelako ondoriorik eragin dezake?
Zainketaz arduratzearen inpaktua ikusten da, halaber, familiarteko harremanetan edo nork bere denbora izateko orduan: desgaitasunen Inkestaren datuen arabera, hamar emakume zaintzailetatik seik beren aisialdia murrizten dute zainketa dela-eta, eta heren batek dio ez duela bere burua zaintzeko astirik.
Osasunaren kasuan, CUIDAR-SE Ikerketan jaso ditugun datu berrienek diote emakume zaintzaileen erdiak baino gehiagok (% 50,4) pertzibitzen dutela beren osasuna hala-holakoa edo txarra dela; gizonen kasuan, % 44,6k . Bi kasuetan, altua da pertzepzio hori. Kontuan hartzen badugu emakumeen %13k (gizonetan ere antzeko portzentajea atera da) osasun txarra zuela zainketa-lanetan hasi baino lehen, ez da zaila imajinatzea zer inpaktu izan dezakeen zainketa-lanak pertsona horiengan.
Gizarteak merezi bezala baloratzen du emakume zaintzaileen lana?
Zainketak benetan daude azpibaloratuta gure gizartean. Eta horren arrazoietako bat da zainketa horiek ez direla ikusten. Lehenik eta behin, gure gizarteak bakarrik baloratzen duelako ondasun eta zerbitzuekin trukatzen dena, alegia, diru-balioa duena. Hau da: “diru-kosturik” ez duenak ez du baliorik, eta, beraz, ez da garrantzitsua gizartearentzat. Bigarrenik, zainketak ez dira ikusten etxeko eremuan gertatzen direlako, eremu pribatuan, “etxe barruan” (gaztelaniaz, “puertas adentro”, Maria Angeles Duránek sortutako terminoa), eta harreman afektiboen edo ahaidetasunezkoen parte dira. Eta azkenik, sozialki emakumeei atxikitako rol bat delako, beren identitatearen parte bat, eta badakigu “emakumeen gauzek” gutxiago balio dutela gizartearen aurrean.
Zainketak ordainduko balira, gehiago baloratuko lirateke gizarte-mailan?
Ez nago seguru; ez dakit konponbidea ordaintzea izango litzatekeen. Genero-ekitatearen ikuspuntutik, bi ahoko aiztoa da hori: batetik, aitortza handiagoa ekarriko luke, baina bestetik emakumea ez litzateke liberatuko zaintzeko betebehar sozialetik, eta seguruenik emakumeak zaintzaileak izatera “kondenatuko” lituzke, erantzunkidetasuna erreklamatu eta exijitzeko aukera galduta.
Ordea, bai da beharrezkoa zainketarako baldintzak hobetzea eta aukeratu ahal izateko benetako aukerak eskaintzea.
Zer egin dezakete erakundeek?
Genero-ezberdintasunaren ikuspuntutik, zainketaren arloa funtsezko ardatza da, determinantea, baita osasunari dagokionez ere. Beraz, ekintzetako bat izango litzateke zainketak politika publiko guztietan zeharkakotasunez planteatzea: enplegua, osasuna, arreta soziala…Hau da, zaintzaileak –gehienak emakumeak– eskubide osoko herritar bezala tratatzea.
Bigarrenik, osasun-zerbitzuetatik (eta beste zerbitzu batzuetatik ere bai, baina osasunaren arloaz ari naiz eremu horretan lan egiten dudalako), kontuan hartu behar dira zaintzaileen behar eta eskubideak, hau da, zerbitzu espezifikoak eskaini behar zaizkie, behar dutenera egokituak, eta ez tratatu etxearen eremuko zainketak mantentzeko “baliabide bat” besterik ez balira bezala.
Hirugarrenik, profesionalek beren helburuen artean sartu beharko lukete zaintzaileen osasuna eta bizi-baldintzak hobetzea, dependentzia duten pertsonen osasunera mugatu ordez.
Zer sartu beharko litzateke zainketei buruzko lege batean?
Ez dut uste zainketei buruzko lege bat egin behar denik; baina garrantzitsua da zainketen gaia funtsezko elementu bat bezala sartzea, adibidez, osasun, dependentzia edo enpleguaren legeetan.
Bai iruditzen zait garrantzitsua zaintzaileei zuzendutako Plan edo Estrategia bat egotea, kontuan hartuko dituena zainketan garrantzitsuak diren elementu guztiak, erantzunkidetasuna barne, dela familia eta estatuaren artekoa, dela emakume eta gizonean artekoa.
Osasun-mailan, zainketa-lanak arrisku-faktoretzat jo beharko lirateke osasunarentzat, eta zaintzaileen osasuna sustatzeko esku-hartzeak jarri martxan. Neurri horien barruan sartzen dut zainketak eta horien kargak banatzeko orduan ekitatea sustatzea.
Eta heziketaren eremuan, zer egin daiteke?
Ezar daitezkeen neurri garrantzitsuen artean, hauek aipatuko nituzke: erakustea zer garrantzi duten zainketek giza bizitzari eusteko, zainketen eta lan horiek egiten dituzten pertsonen ikusgarritasuna sustatzea, eta, batez ere, berdintasunean eta erantzunkidetasunean heztea.
Zer ekarriko digu biztanleen zahartzeak?
Espainia zahartze handiena duen eta izango duen herrialdeen artean kokatzen da, eta horrek handitu egiten du iraupen luzeko zainketen eskaera. Badira zainketa informalen eskaintzan eragingo duten beste faktore batzuk ere, hala nola jaiotza-tasen beherakada, familien mugikortasuna eta familia-ereduen dibertsitatea. Ez da ahaztu behar, bestalde, zerbitzu publikoak murriztean, dependentzia duten pertsonei arreta emateko zerbitzu formalak ere murriztu direla. Beraz, konponbide sortzaileak, berritzaileak eta ekitatiboak asmatu behar ditugu
Nola zaindu daitezke zaintzaileak?
Elementu asko daude. Nire ustez nagusiena da hautatu ahal izatea ea zainketez arduratu nahi dugun ala ez. Hori funtsezkoa da gaur egun zainketaren arloan gertatzen den berdintasun-ezari buelta emateko.
Bestalde, zainketez arduratzen diren pertsonak osasun-arrisku jakin batzuk dituzten pertsonak bezala tratatu behar dira, eta arrisku horiek gutxitu eta prebenitu. Zaintzen duten pertsona horiek beraien osasunerako erabiltzen dituzte osasun-zerbitzuak, eta ez bakarrik beste batzuen osasuna kudeatzeko.
Zerbitzu formalen gama zabal bat eskaini behar da, askotarikoa eta malgua; zerbitzu horiek eskuragarriak eta kalitatezkoak izan behar dute, zaintzaileek benetako aukera izan dezaten erabakitzeko ea zainketez arduratu nahi duten ala ez, eta zer neurri eta baldintzatan arduratu nahi duten.
Familian dependentzia duten pertsonak dituzten emakumeak ez badira haietaz arduratzen, errudun sentitzen dira?
Zoritxarrez, emakumeok errua gureganatuta daukagu, gure genero-sozializazioaren parte bat balitz bezala. Bai, zaintzen ez duten (ezin duten) emakumeak, edo ondo zaintzen ez dutenak, errudun sentitzen dira, zeren eta presio sozialak akatsen erantzule bihurtzen dituzte. Zerbitzu profesionaletatik ere, adibidez osasun arlotik, emakume horiei botatzen zaie dependentzia duten pertsonak ez zaintzearen edo “ondo ez zaintzea”ren errua. Eta hori emakumeak birbiktimizatzea da.
Zer herrialdetatik eta esperientziatatik ikas dezakegu?
Iparraldeko herrialdeetara begiratu beharko genuke iraupen luzeko zainketei eta genero-ekitateari buruzko politika publikoei dagokienez. Asko dira har daitezkeen neurriak: ekonomikoak (zainketen aitortza edo konpentsazioa), lanekoak, gizarte- edo osasun-zerbitzuen arlokoak. Esku har daiteke, halaber, zainketen ardura hartzen duten pertsonen ongizatea hobetzeko eta erantzunkidetasuna sustatzeko.
Aztertu behar den elementuetako bat da zertan oinarritzen den zainketak behar dituzten pertsonak zaintzeko erantzukizuna: bakarrik –edo batez ere– “familiari” dagokio, hau da, familiako emakumeei, eta, beraz, emakumeak dira erantzule nagusiak? Ala gizarte osoak bere kiderik kalteberenekiko duen erantzukizuna da, eta, beraz, Estatuak bermatu behar ditu, gizarte zibilaren laguntzarekin, zainketa horiek? Batez ere, erabaki politikoa da: zer zainketa-gizartearen eredura hurbildu nahi dugu?
Erantzunik gabe ra(etara) ““Ehun emakumetatik hogeita hamarrek ezin dute enplegu bat izan bateraezina delako zaintza-ardurekin””