
Euskadiko 51 hedabidek eta publizitate-agentziek sinatu dute «Euskadin publizitate eta komunikazio ez-sexista izateko Kode Deontologikoa eta Autorregulaziokoa» gaur goizean. Emakunde ren barruan dagoen Begira publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko aholku-batzordeak sustatu du dokumentua. Euskadiko hogei bat hedabidek eta publizitate-agentziek prestatu dute hamar prestakuntza- eta kontraste-saiotan, guztira, urte eta erdi iraun duen prozesu batean. Lehendakaritzako egoitzan burutu den sinadura ekitaldian, Josu Erkoreka Gobernuko bozeramailea eta Izaskun Landaida, Emakudneko zuzendaria izan dira lekuko eta baita sinatzaile.
Kodea
Kode deontologikoak indarrean dauden legearekin bat datozen konpromisoak biltzen ditu, hainbat arlotakoak:
•Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna
•Emakumeen aurkako indarkeria
•Publizitatearen eta kazetaritzaren autoerregulazioko eta deontologia-printzipioak
•Bazterkeria eza, emakumeen ikusgaitasuna eta aniztasuna
•Estereotipoen desagerpena
•Indarkeriarik gabeko bizitza
•Erakundeetako enpresa-egituraren barneko berdintasuna.
Publizitatea
Publizitateari dagokionez, agentzia sinatzaileek era guztietako gizonak eta emakumeak erakusteko konpromisoa hartu dute, hau da, askotariko rolak eta jokabideak dituztenak, estereotipoak alde batera utzita, hizkuntza ez-sexista erabilita eta emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako irudi eta adierazpen guztiak ukatuta. Halaber, askotariko edertasun-ereduak sustatzeko, emakumeen gorputzak apaingarri edo sexu-objektu huts gisa ez erabiltzeko, neskatoen sexualizazioa saihesteko eta emakumeak produktu farmazeutikoen edo osasunarekin lotutako produktuen hartzaile nagusi ez erakusteko konpromisoa hartu dute. Azkenik, gizarte-talde gutxituak edo baztertuak ordezkatzeko konpromisoa hartu dute, baita sexualitate guztiak jasotzen dituzten mezuak erabiltzekoa ere, alegia, jarrera lesbofoboak, homofoboak eta transfoboak transmititzen dituzten edukiak saihestekoa.
Kazetaritza
Komunikazioaren atalean, hedabideek honako konpromiso hauek hartu dituzte: arlo eta eremu guztietan emakumeen protagonismoa sustatzekoa; emakume eta gizonen aniztasun osoa erakustekoa; elkarrizketetan eta artikuluetan emakumeei eta gizonei trataera bera ematekoa; emakumeen biktimizazioa baztertzekoa eta emakumeak gizarte-eragile aktibo gisa ere erakustekoa; albisteetan erakusten diren eragile aktibo gehienak gizonak izatea zuzentzekoa eta bi sexuei ikusgaitasun eta garrantzia zuzena ematekoa; emakumeen aurkitzen dituzten oztopoak eta arazoak eta gizartean betetzen dituzten rolak erakustekoa. Ez hori bakarrik, emakumeen gainean ematen den ikuspegia distortsionatzen dutelako, fisikoari, sexu-erakargarritasunari eta janzkerari buruzko aipamenak saihesteko konpromisoa ere hartu dute; eta era guztietako emakumeen eta gizonen gorputza erakustekoa, askotariko edertasun-ereduak sustatzekoa –ez bakarrik perfekzioan oinarritutakoak–, hizkuntza ez-baztertzailea eta emakumeak ikusezin egiten dituena ez erabiltzekoa eta genero-ikuspegia erantsita duten informazioa bultzatzekoa.
Urte t’erdiko erkarlana
Hogei bat hedabide eta publizitate-agentziek sortu dute kodea. Hedabideen kasuan, honako hauek izan dira: Euskal Kazetarien Elkartea, Berria, Kazetarien Euskal Elkargoa, Cope, Deia, Diario Vasco, Eitb, Europa Press, Gara, MBN Comunicación, Onda Cero, Onda Vasca, Ser, TVE eta Vasco Press. Publizitate-agentzia parte-hartzaileak, ordea, Arista, Aurman, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartea, Dimensión, Trupp Publicidad eta Xabide izan dira.
(*) Hemen ikusi dokumentua sinatu duten 51 hedabide eta publizitate-agentziak.
Erantzunik gabe ra(etara) “Euskadiko 51 hedabide eta publizitate agentziek komunikazio eta publizitate ez-sexistako kode deontologiko bat betetzeko konpromisoa hartu dute”