
Bizkaian, 900 emakume inguru dihardute prostituzioan. Gizarteak baztertuko dituen beldur, ezkutuan dihardute ia beti, eta, ondorioz, larri eta bakarrik sentitzen dira. Askabidek –19 pertsona ditu plantillan, eta beste 40 borondatez lanean– pertsona horiek babesteko sare bat egituratu du; hots, larrialdi-pisuak, bizilekuak, lege-aholkularitza, lanbide-heziketa eta laguntza psikologikoa eskaintzen dizkie. Aitzindaria da estatu espainolean, eta 30 urte bete berri ditu. Bilboko Gorteen auzoan dute egoitza; hantxe bertan hartu gaitu Marian Arias zuzendariak.
Testua: Karolina Almagia
Argazkiak: Jon Hernáez
Hogeita hamar urteko historia Zer ikusten duzu atzera begiratzen duzunean?
Hogei urte daramatzadan arren, ez nintzen hastapenetan egon. Hala ere, atzera begiratzen dudanean, ikusten dut zenbait alderditan hobera egin dugula, baina beste zenbaitetan berdin edo okerrago gaudela. Nabarmen egin dugu hobera gizarte-estaldurari dagokionez. Gorteen kalera iritsi nintzenean, auzoa oso narriatuta zegoen: arazo ugari zeuden, auzoan ez zegoen inolako estaldurarik emakumeentzat, adineko emakumeek ez zuten inongo baliabiderik, ez zegoen oraingo diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE)… Orain, askoz ere baliabide gehiago daude. Nolanahi ere, ez da hobetu prostituzioan diharduten emakumeen bazterketa; are gehiago, okertu egin delakoan nago. Prostituzioan diharduten emakumeak onartzen zituen auzo bat ezagutu dut nik, eta ia esango nizuke baloratzen zituela, auzoaren zati garrantzitsu bat zirelako eta mundu guztiak ulertzen zuelako nolabaiteko aberastasuna sortzen zutela. Ez zuten ezkutatu behar, ez zegoen «Prostituzioa kanpora» eta tankerako kartelik, ez zegoen kalean prostituzioan aritzeagatik isuna jartzen duen ordenantzarik. Orain, ordea, bai.
Gatozen gizarte-onarpenaren gaira. Izan al dezake erlaziorik arrazismoarekin?
Ez dut uste. Azkenaldian ez, behintzat. Hiria eraldatu egin da. Orain dela urte batzuk, bilbotarrek onartzen zuten Gorteak bezalako auzo bat egotea, eta bertan prostituzioa egotea. Bizkaiko ia prostituzio osoa bertan kontzentratzen zen. Geroago, droga-trafikoa eta beste arazo batzuk etorri ziren, eta auzoa narriatu egin zen, bai eraikinak, bai gizartea. Auzo arriskutsu bilakatu zen, eta zenbait bezerok ez zuten etorri nahi. Ondorioz, klubak irekitzen hasi ziren Concha Jeneralaren kalean eta beste batzuetan, eta, horrek, bizilagunen ukoa ekarri zuen. Hortik etorri zen Bilbon prostituzioa arautzen duen lehen ordenantza, 1999koa.
Kaltetu egin al dituzte udal-ordenantza horiek Bilbon prostituzioan diharduten emakumeak?
Egia esateko, ez dute beren egoera hobetu. Lehenak, Hirigintzak atera zuenak, kluben arteko distantzia-metroak zehaztu zituen. Ez zen emakumeen egoera hobetzea aipatzen, inondik ere ez. Bigarren ordenantzak kalean sexu-zerbitzuak ematea eta eskatzea debekatu zuen. Jakina, isunek ere ez dute laguntzen.
Nolakoak izan ziren Askabideren hastapenak?
María Luisa del Pozo fundatzaileak kontatzen duenez, ardo-saltzailearekin batera hasi ziren klubetara sartzen. Boluntario talde bat ziren, eta errealitate hori ezagutzen hasi zirenean, ikusi zuten talde oso zaurgarri bat zegoela, inolako babesik ez zuena. Lanari ekin zioten, eta, hasiera batean, klubetan ardoa banatzen zuen gizonarekin batera joaten ziren, harekin batera sar zitezkeelako lokaletan. Hogeita hamar urte hauetan, proiektuak aldatzen joan dira, noski, errealitatera egokitzen joan baikara, baina helburuak berberak dira. Alegia, oinarria, helburu nagusia, kalean eta klubetan prostituzioan diharduten emakumeekin harremanetan egotea da. Beren bila joatea. Hori gabe, Askabidek ez du inolako zentzurik, emakumeak ez baitira gure zentrora etorriko esanez «prostituta naiz». Ez dugu esparru teorikorik abiapuntu; gure lana emakume horiekin harreman zuzena izatean datza.
Gizon baten agindupean daude beti?
Hori ere asko aldatu da. Lehen, klub guztiak kale batzuetan zeuden, baina ordenantzarekin dena aldatu zen. Makroklubak iritsi ziren hiritik urrun dauden industria-pabilioietan, bai eta pisuak ere. Azken horietan, emakume arduradun edo «mami» gehiago daude, eta beraiek kudeatzen dituzte prentsa-iragarkiak eta bezeroak. Baina, hori ere aldatzen ari da. Orain gehien erabiltzen den formatua pisu indibidualena da; izan ere, emakumeek ez dute dagoeneko prentsan iragarkirik jartzeko edo kalean beren gorputzak erakusteko beharrik. Orain, Internet bidez egiten dira harremanak, pasion.com eta antzeko webguneen bitartez. Erabateko pilaketatik erabateko dispertsiora igaro gara; ondorioz, gero eta ikusezinagoa da gaur egun prostituzioa, eta hori kezkagarria iruditzen zaigu. Klubak ez dira desagertuko, harremanak izateko, agur-festetarako, eta abarrerako erabiltzen baitira, baina prostituzio gehiena pisuetan egiten ari da orain.
Hortaz, irabazi al dute autonomiarik emakume horiek?
Bai, ez dira inoren mendeko. Aldiz, zaurgarriagoak dira. Ez da gauza bera klub batean egotea, ohe azpian alarma bat dutela, edo, kalean, kidez inguratuta daudela, eta Internet bidez norbaitekin bakarka gelditzea. Ez dute babesik. Kontuan izan, gainera, prostituzioa oso lotuta dagoela mugikortasunarekin. Horrez gain, etorkinak badira eta administrazio-irregulartasuneko egoeran badaude, pentsa zer gerta dakiekeen. Zer defentsa-tresna dute? Legearen arabera, bezero batek prostituta bati erasotzea ez da genero-indarkeria, ez dagoelako bikote-erlaziorik; beraz, falta batean gelditzen da. Prostituten gizataldearen barruan, bi xede-talde daude: batetik, autoan aritzen diren neskak, eta, bestetik, etxerako zerbitzua ematen dutenak. Izugarrizkoa da zaurgarritasun maila, bai ezezagun baten autora igotzen diren nesken kasuan, bai etxeetara joaten direnen kasuan. Diru gehiago eta autonomia handiagoa dute, baina segurtasuna galdu dute. Guretzako ere askoz ere zailagoa da beraiekin harremanetan jartzea, asko konplikatzen zaigu kontua.
Behin harremana eginda dagoenean, nola hartzen dituzte Askabideko kideak?
Denetarik dago. Hasieran, ez dute ulertzen zergatik gauden hor edo poliziak garela pentsatzen dute. Denboratxo bat daramagu bitartekariekin lanean. Bitartekariak prostituzioan aritu izan diren neskak dira, eta lehen harremana errazten digute. Guk zera nahi dugu: jakin dezatela hor gaudela, duten edozer arazorekin laguntzeko prest.
Zer behar dute gaur egun?
Gizarteak uste du prostituta guztiek behar berberak dituztela, talde orokor bat direla, baina errealitatea oso oso bestelakoa da. Prostituzioan ari den neska transexual batek ez du zerikusirik neska etorkin batekin edo droga-mendekotasun arazoak dituen batekin. Denak bateratzen dituen bakarra da prostituzioan dihardutela, edo, gauza bera dena, putak izatearen estigma daramatela. Gizarteak baztertzen dituela sentitzen dute eta bizitza bikoitza izan beharrean daude, egiten dutena ezkutatu beharrean, ondo baino hobeto baitakitelako kontatzen duten unean baztertu egingo dituztela. Eta hori beren bizitzako arlo guztietan gertatzen da: familia, bikotea, bizilagunak, eta abar. Gaur egungo profila zein den galdetzen badidazu, esango dizut nesken % 90 etorkinak direla, eta gehienak irregulartasun-egoeran daudela. Zer arazo dituzte? Dokumentazioa, deserrotzea, bakardadea… Etortzen diren zenbait neskak ez dute bizitzeko tokirik, eta bizileku bat eskatzen digute. Beste batzuk preserbatibo bila datoz. Beste batzuk abokatuarekin hitz egitera, banandu egingo direlako. Beste batzuk tailer batera apuntatzera…
Prostituzioan aritzen diren emakumeek aldi baterako egiten dute?
Denek. Beti. Nahiz eta gero bizitza osoa ematen duten horretan. Prostituzioan hasten diren pertsonek arrazoi ekonomikoengatik edo aldi baterako egiten dute. Haurrak txikiak diren bitartean eta dirua bidal diezaiekedan bitartean, nire herrian rantxo txiki bat erosteko aurrezten dudan bitartean… Beti da utziko duten zerbait. Zenbaitek lortzen dute aldi baterako soilik egiten, baina beste zenbaitek bizitza osoa ematen dute horretan. Kontuan izan bazterkeriaren arloaz ari naizela, hor egiten baitugu lan guk, eta arlo horretan isuri garrantzitsu bat dagoela. Dena den, inork ez dit esan jarduera hau bere gustukoa denik.
Eta zer gertatzen da emakume horiek erretiro-adinera iristen direnean?
Ba, bazterkeria-egoera itzela dela. Jendeak prostitutei buruzko estereotipo bat du, eta, gizatalde horren osasunaz hitz egiten denean, hiesarekin edo sexu-transmisiozko gaixotasunekin lotzen da. Baina, GIBen indizea gizartearen gainerakoaren berbera da. Emakumeok, baina, narriadura psikologiko handia dute, urteekin areagotu egiten dena. Autoestimu ona izatea edozeinentzako zaila bada, pentsa zeinen zaila den beraientzat, egiten dutena ezkutatu behar badute. Prostituzioan helduak diren arte aritzen diren emakumeek izugarrizko bakardade-arazoa dute. Udal-etxebizitza batean bizi dira, DSBEren osagarriari esker sostengatzen dira, baina oso bakarrik daude.
Mafiarik ba al da gurean, eta atzerritarrei iruzur edo xantaia egiten al zaie prostituzioan aritu daitezen?
Egon badago salerosketarik prostituzioan, errealitate bat da, baina nahiko fenomeno konplexua da. Ez dira kasu asko, baina egon badaude gurean. Delitu bat da, eta, ondorioz, jazarri beharra dago, bai eta biktimak lagundu ere.
Prostituzioa legeztatzeko edo ez legeztatzeko beharrari buruzko eztabaidan, jarrera bat edo beste hartu al du Askabidek?
Ez. Ez dugu jarrera filosofikorik. Asko eztabaidatu dugu gai hori, jakina. Prostituzioan aritzen direnek ere modu batera eta bestera pentsatzen dute. Hemen lan egiten dugunon artean, bi jarrerak daude: bide abolizionistan sinesten dutenak eta arautzearen alde daudenak. Bi bideetan topa dezakegu hain txarra ez denik, baina ez onik. Alde guztietatik kritikatu gaituzte jarrerarik hartu ez dugulako, baina guk alde batera uzten dugu esparru teorikoa, beharretan eta praktikan lan egiteko.
Baina, zuen ikuspegitik, lagungarria izango al litzateke emakumeentzat jarduera legezkoa izatea eta araututa egotea?
Holandan eta Alemanian jarduera legezkoa da, eta hemen gertatzen den gauza bera gertatzen da; hots, prostituzioan aritzen diren emakume gehienak etorkinak direla, eta, beraz, eskubide horretatik kanpo gelditzen direla. Ez zait iruditzen lege horiek gauza handirik konpondu dutenik. Oso gai konplexua da. Eta erne arautzearekin. Arautuz gero, emakumeen onuran pentsatu behar da. Oraingoz, udal-ordenantzek ez dute emakumeen egoera hobetu, isunek ez dute hau aldatzea lortu.
Eta zer iruditzen zaizkizue bezeroak zigortzen dituzten politikak?
Ez zaizkigu eraginkorrak iruditzen. Bezeroei isuna jartzeak ez du emakumeen egoera hobetzen.
Bezeroekin lan egiteko programa bat duzue. Nola funtzionatzen du?
Kalteak murriztea da helburua, emakumeen egoera hobetzea lortzeko. Eraso bortitzak gertatzen dira, tratu umiliagarriak daude, preserbatiboa erabili edo ez negoziatzen da. Bezeroekin kanpaina egiten dugu, eta emakumeei egoera horiek konpontzeko tresnak ematen dizkiegu.
Ba al dakite emakumeek pairatzen duten indarkeria sala daitekeela?
Ez. Mutur-muturreko kasuekin identifikatzen dute indarkeria; alegia, jipoiekin, hilketa-ahaleginekin. Baina tratu umiliagarria, irainak eta horrelakoak beren jardueraren berezkotzat dituzte.
Ba al da prostituzioaren bezeroaren eredurik, profilik?
Gizonezkoa dela. Besterik ez. Adin guztiak, gizarte-klase guztiak, lanbide guztiak.
Zer proiektu edo helburu dituzue datozen urteetarako?
Bi ildo ditugu: batetik, emakume horiek artatzen jarraitzea –horretara bideratzen ditugu ia gure ahalegin guztiak–, eta, bestetik, gizartea sentsibilizatzea. Informatzeko eta harremanetarako arloa dugu, eta horrekin joaten gara klubetara eta pisuetara. Eta, gainera, harrera-zentroa, bizilekuak, prostituzioa utzi nahi duten emakumeei laguntzeko programa, larrialdi-egoeretarako pisua eta prestakuntza- eta enplegu-programa ditugu. Lan-orientatzaile bat, laguntza psikologikoa eta abokatu bat ditugu, besteak beste.
Erakundeek laguntzen dituztela sentitzen al dute?
Askabide elkarteak errekonozimendua eta laguntza ekonomikoak ditu, eta horri esker euts diezaiekegu baliabide horiei guztiei. Baina, gizarteak prostituzioan aritzen diren emakumeak errekonozitzearen arloan, ez gara babestuta sentitzen. Hauteskunde-programa guztietan aipatzen da gaia, baina gero ez da inoiz ezer egiten. Prostituzioari buruzko plan guztiak zirriborroan gelditzen dira. Ez gara gai nola konpondu adosteko, eta zerikusi handia dauka horrekin. Gaiari ez heltzeko aitzakia perfektua da hori. Herritarrak kexatzen direnean jarduten da, baina, hortik aurrera, deus ez. Une honetan, prostituzioa ez da delitu bat, baina ezta legezko jarduera bat ere. Legez kanpoko esparru horretan mugitzen da dena.
Erantzunik gabe ra(etara) “Marian Arias: «Prostituzioaren gaur egungo egoeraren ondorioz, emakumeak oso egoera zaurgarrian daude»”