• es
  • eu
  • Aurreko aleak

Logo

Euskadi.eus
Nabegaziorako menua
  • Emakunde
  • Elkarrizketak
  • Gizartea
  • Ekonomia
  • Indarkeria
  • Parte-hartzea
  • Sentsibilizazioa
  • Kultura

BAI SAREA, berdintasunean aurrera egiteko enpresen sarea

10/12/2020 | 0 iruzkin
  • tweet
Ekonomia Emakunde

“Bakarka bizitzeko eta taldean borrokatzeko bide bat da feminismoa”, horra hor Simone de Beauvoirrek feminismoa definitzeko aspaldi samar erabili zituen hitzak. Arrazoi osoa zuen idazle eta filosofo frantsesak. Zer gertatuko zen “Vindication of the Rights of Woman” idatzi ostean Mary Wollstonecraft hain baztertuta egon izan ez balitz eta mugimendu baten babesa izan balu? Gaur egun bestelako egoera bat biziko al zen Argentinan pertsona gehiago batu izan balira Alfonsina Storniren borrokari? Edo zertan geldituko zen Rosa Luxemburg ehunka emakumeren babesa jaso gabe? Argi dago, historiak erakusten du, ez da nahikoa bakarka bizitzea, taldean dago gakoa. Taldean dago bultzada. Taldean dago indarra.

Hala bada, aurrera egiteko ezinbesteko bultzada batasunean eta lan partekatuan dagoelako uste sendoarekin sortu zen BAI SAREA. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatutako sarea da, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Entitate Laguntzaileez osatuta dago. Entitatetan gorpuztutako 64 “bizimodu indibidual” dira, sarean lan egiten dutenak enpresaren eta gizartearen errealitatea partekatzeko, laguntzeko, ikusarazteko eta eraldatzeko xedeekin. Eta, beraz, 64 entitate horiek ‘bai’ esan diote berdintasunaren bidean aurrerapausoak egiteari, ‘bai’ esan diote taldean lan egiteari. Izan ere, hauxe azaldu du Zubietxe Elkarteko Borja Aguirrek: “badakigu gauzak aldatzea ez dela entitate bakar baten eginkizuna. Zerbait aldatu nahi badugu, amets berbera duten beste erakundeekin bat eginik aldatu behar dugu”.

 

Lehen urratsak sarean

2018ko martxoaren 19an, bi urte iraun zuen parte hartze prozesu baten ostean eta NBE EMAKUMEAKek emakumeak ahalduntzeko enpresei proposatutako printzipioekin bat etorririk, osatu zen formalki Bai Sarea. Orduz geroztik, taldearen indarrari eusteaz arduratzen diren lan taldeetan dago antolatuta sarea, eta arazoak aztertzen ditu, tresnak sortzen ditu eta beharrizanak hautematen ditu. Hauxe dio Agintzariko eta BAI SAREAko Talde Eragileko kide Arantxa Nuñezek: “sarea oso lagungarria da partekatzeko, ekarpenak egiteko eta sinergiak sortzeko gune bat izateko, ‘gela propio bat’ izateko, non pertsona guztiek konpromiso berari eusten dioten eta antzeko helburuak lortzeko lan egiten duten oso tresna erabilgarriak sortzeko, zure enpresaren esparruan ezin garatuko zenituzkeen tresnak sortzeko”.

Virginia Wolfek esaten zuen emakume batek besteak beste beretzako gela bat behar duela nobela bat idazteko. BAI SAREA izan liteke historia bat elkarrekin idazteko gune hori. Aldaketarako historia, ez fikziozkoa. Benetakoa. Komunikazio Taldeko kidea ere baden Borja Aguirreren hitzetan, “ilusioz betetzen nau sare honek potentzial handia duela ikusteak, ez baikara soilik entitateen baitan ohitura batzuk aldatzeaz ari berdintasuna nagusitu dadin. Izan ere, pertsonok lan munduarekin eta laneko esparruarekin dugun harremana ulertzeko beste bide bat planteatzen ari gara gu. Ez da errealitatetik urrundutako ekarpen filosofiko bat”. Egia esan, dena egiten da sarea osatzen duten entitateen errealitatea eta aniztasuna aintzat harturik. Hauxe gaineratu du Talde Eragileko eta Emakundeko kide Ane Miren Fernandezek: “Nik uste dut errespetatu egin direla entitateen denborak, sareak aurrera egin duela geneuzkan aukeren arabera inor atzean gelditu ez zedin. Denak izan dira parte hartzaile une oro, eta asko zaindu da entzutea. Gainera, euren beharrizanak, ingurune sozio-ekonomikoa eta sareak esku hartzeko berdintasun politikak aintzat harturik erantzun da beti”.

Urrutirago jo gabe, honelaxe lan egiten du Soldata Arrakala taldeak Murgiben lan egiten duen Verónica Pazen hitzetan: “esatetik egitera. Hasiera batean planteatu ziren helburuak izan ziren soldata arrakalaren parametroak finkatzea eta horiek aztertzeko tresnak eta estrategia partekatuak adostea”. Orain, lanean hilabeteak eman ondoren eta gaian adituak diren profesionalen laguntza –Mertxe Larrañaga, adibidez– jaso ondoren edo sortu diren ideia guztiak bateratzeko eta laburbiltzeko bilerak egin ostean, prest dituzte tresnak. Gainera, Verónicak azaldu duenez, “komenigarria iritzi diogu dibulgaziozko elementu bat lantzeari tresna horiek BAI SAREAko taldeak osatzen ditugun pertsonen artean ez ezik, sarea osatzen duten entitateetako lantaldeetan ere ‘gizarteratzeko’”.

Antolakuntza Kultura taldeak ere entitateen errealitatetik eta entitateen errealitaterako lan egiten du. Bahía de Bizkaia Gas erakundeko ordezkari eta taldeko kide María Dolores Rodríguezen hitzetan “denbora bitarte horretan antolakuntza kulturaren diagnostikoa egiteko tresna baten diseinuan lan egin dugu, taldean gabiltzan pertsonen enpresetan aplikatu dugu eta tresna hori sareko beste entitate eta erakunde batzuetan erabiltzea proposatu dugu. Emaitzetatik abiatuz, jarduera lerroetan lan egiten ari gara, zehazki Soldata Arrakala lan taldearekin ari gara elkarlanean ekintza bateratuak finkatzeko”.

Izan ere, lanean bi urte eman ondoren, hasia da sarea emaitzak esku artean biltzen. EMUN kooperatibako kide Oihana Jausorok aitortzen duenez, “hasieran dena zen orokor samarra, baina denboran aurrera egin ahala hasiak gara lan taldeek egindako lanen emaitzak ikusten. Gauza zehatzagoak eta praktikoagoak, nire iritziz”. Berdintasun praktikak Trukatzeko Taldean parte hartzen duen aldetik, hauxe adierazi digu: “ahaleginak egiten ditugu sarea berdintasunerako esperientziak, praktikak eta ezagutzak trukatzeko erreferentziazko lekua izan dadin”.

 

Sare bizia

Bere konpromisoa erakutsi duen pertsona eta entitate sorta handi samar bat ez ezik, eragile bat ere badu sareak: Talde Eragilea. Arantxak zehaztu duenez, “batzarrak antolatzen ditugu, eta planak lantzeko eta horien gaineko jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozesuak bideratzen ditugu”. Sarean egiten diren lanek, beren motorra eduki arren, beti eskatzen dute ahalegin berezi bat. Aparteko bat. Eta BAI SAREAk badu aparteko hori. “Proiektu bizia da BAI SAREA, ezagutzen dituzun pertsonekin lan egiten duzunez ongi asko baitakizu esku onetan eta konpainia onean zaudela. Nik uste dut horrela errazagoa dela haztea”, azaldu du Ane Miren Fernándezek.

Arantxak dioenez, “uste dut zaintza eta lan gune oso polita sortu dugula, gogoz joaten zara badakizulako lagunekin egongo zarela, ez zaituztela entitate gisa ikusiko, Arantxa bezala baizik. Aurrera egiten ari den zerbait sortzen ari zarelako sentsazioa bizi dugu bertan”. Eta halaxe da, bi urte igaro ondoren aurrera doa BAI SAREA, eta dagoeneko prest dago egindako lana ezagutarazteko eta berdintasunarekiko konpromisoan beste urrats bat egiteko eta elkarrekin aurrera egin nahi duten entitate laguntzaile guztiak bere baitan hartzeko. “Kontuan eduki behar da ez dela ezerezetik abiatu BAI SAREA. Emakunderen entitate laguntzaileak dira guztiak, jazarpenaren aurkako plan bat, protokolo bat eta diagnostiko bat duten entitateak dira. Zorrotz landu diren materialen gainean eraiki da BAI SAREA, aurrez zegoen baratzean hazi da zuhaitza. Eta nik uste dut horixe dela sarearen indarguneetako bat: aurretiazko konpromisoa. Edozein entitate bildu daiteke gune honetara berdintasunaren aldeko konpromisoa erakutsiz gero, ibilbide bat egin behar baita tren honetan igo ahal izateko. Bide bat egin behar da BAI SAREAren geltokira iristeko, baina merezi du inolaz ere. Guztiz”, dio Anek Antonio Machadoren espiritua gogoan harturik, ibilian egiten baita bidea. Bide hori zaintzeaz eta erosoago egiteaz arduratzen da Antolakuntza Batzordea. AZ Participación aholkularitza entitateko Coral García batzorde horretako kidea da, eta “partekatzeko, hitz egiteko eta elkar ezagutzeko bideak finkatzeaz arduratzen direla dio, eskutik hartuta aurrera egiteko. Zoragarria da gure lana, elkar ezagutzen dugun bitartean ongi pasatzea ahalbidetzen baita. Alaitasunak eta berdintasunean aurrerapausoak egiteko gogoak kutsatzea bilatzen dugu, kontziliazioa eta inoiz ez bezain beharrezkoa den bizitzaren zaintza hobetzeko”.

Beraz, 64 entitateren lanaren emaitza da BAI SAREA, baina baita beste entitate asko har ditzakeen gunea edo gela ere. Hauxe ondorioztatzen du Borja Aguirrek: “gisa honetako sareetan lan egiteak ahalegin berezia eskatzen duen arren, molde honetako plataforma urrietako bat da BAI SAREA, inbertitutako minutu bakoitzak bere zentzu osoa eta bere saria baititu”. Eta hemen begien bistakoa da saria: berdintasuna, alegia, bakarka eta taldean bizitzeko bidea.

 

Sarrera berriak

  • Jaietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko gidaliburu bat jarriko da udalen eskura

    23/05/2022 - 0 iruzkin
  • Marieneak, Basauriko Emakumeen etxeak, hamar urte bete ditu

    17/05/2022 - 0 iruzkin
  • Premio Emakunde a la igualdad para el periodismo con perspectiva de género

    10/05/2022 - 0 iruzkin

Erantzunik gabe ra(etara) “BAI SAREA, berdintasunean aurrera egiteko enpresen sarea”

Utzi iruzkin bat Utzi iruzkina bertan behera

Zure posta helbidea ez da argitaratuko Derrigorrezko eremuak markatuta daude


*
*

  • Berriena
  • Ikusiena
  • Iruzkinak
  • Jaietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko gidaliburu bat jarriko da udalen eskura

    23/05/2022 - 0 iruzkin
  • Marieneak, Basauriko Emakumeen etxeak, hamar urte bete ditu

    17/05/2022 - 0 iruzkin
  • Premio Emakunde a la igualdad para el periodismo con perspectiva de género

    10/05/2022 - 0 iruzkin
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    30/09/2014 - 2 iruzkin
  • Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

    15/08/2013 - 1 iruzkin
  • Virginia Woolfen obraren inguruan aritu ziren Berdintasun Gunean

    09/10/2013 - 1 iruzkin
  • Datorren irailaren 15ean bukatzen da 2017ko Berdintasunerako Emakunde sarira hautagaiak aurkezteko epea

    Kaixo: nik aurtengo sarirako Berritzeguneetan Hezkidetza mintegiko...
    12/09/2017 - Karmen
  • Publizitate eta komunikazioan sexismoa antzemateko eta kexak bidaltzeko mugikorretako aplikazio bat aurkeztu du Emakundek

    […] erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko, edozein...
    19/07/2017 - BEGIRA app-a aplikazioa, publizitatean eta komunikazioan egon daitezkeen erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko sortutakoa da. – HEZKIDETZA EGUZKITZA BHI
  • Jone Karres Azurmendi: “Alardearen seme-alabak” dokumentalaren zuzendaria

    Jone Carres Azurmendirekin bat nator. Nire seme-alabak ere erdi...
    11/04/2015 - Myriam Zulaika
  • Emakundek genero kontuetan nazioarteko aditua den Alda Facio ekarriko du Euskal Herrira martxoan

    Zergatik ez dirahorrelako ekitaldi interesgarriak ia inoiz Donostiara...
    25/02/2015 - Karolina
  • Berdintasunean pausuak emateko indarrak batu dituzte ehun entitatek Emakundek antolatutako XI. gunean

    Atzo iruzkin bat ipini genuen albiste honetan, baina dirudienez...
    02/10/2014 - Aspasia Emakumeen Elkartea

Newsletter

Suscríbete a nuestro boletín y recibe todas las noticias en tu e-mail

RSSHarpidetza 0 Jarraitzaileak

Calendario

2020(e)ko Abendua
M T W T F S S
« Nov   Jan »
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

Etiketak

abortoa Ahalduntzea aitak aitatasuna Alda Facio amatasuna argitalpenak begira Berdintasuerako legea berdintasunerako gunea berdintasunerako sailarteko batzordea Elkarteak emakumeen elkarteak emakumeen eskubideak Emakundek Euskadin entitate laguntzaileak Erantzukidetasuna Feminismoa foro; berdintasun gunea gizonak hezkidetza Hezkuntza hiritartasuna Hizkuntza ikerlanak IKT indarkeria Jazarpen sexuala Kirola klausulak komunikabideak Kontziliazioa lana landa eremua lehiaketa mutilazioa nazio bautta nekazaritza osalan Osasuna publikazioak publizitatea sexismoa sexista Soldata ezberdintasuna
  • Lege informazioa
  • Kontaktua
© 2013. Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Gobierno Vasco Eusko Jaurlaritza Emakunde